Poesia

Hostoen hezurdura unatua

Maixa Zugasti

2021

84

978-84-121051-7-9

ZEHAR-GALDERA

Mozorroaren lilura hordigarriaren atzean
sumatu nuen harrapakinaren zelatan dagoen piztia.

Baina itsasertz bihurtu nintzen;
errukirik gabe,
lasai eta bortitz
gerturatu eta urruntzen den
itsaso amaigabearen muga.

Ez zinen gaua bezain ilun eta leizeko;
gaua zinen, leize huts.

Deuseztatzearen arrazoia jakin nahi izan nuen,
baina nire ezpainak izuaren ahots isilarazia ziren.

Mozorroaren lilura hordigarriaren atzean
sumatu nuen harrapakinaren zelatan dagoen piztia.

Baina itsasertz bihurtu nintzen;
indarrik gabe,
sendo
iraun nahi duen labar,
itsaso amaigabearen muga.

Ez zinen gaua bezain ilun eta leizeko;
gaua zinen, leize huts.

Minaren zergatia jakin nahi izan nuen,
baina, jada, desagertua zinen.

Zure ankerkeria da nire galderaren muga,
baina, oraindik, ametsetan, itsasoaren orroak esnatzen nau;
esadazu, maite:
zergatik…

Maixaren liburu honetan badago udazken kutsu hori, baina ez bakarrik. Ikusten den hostoa ez da eroritakoa soilik. Zuhaitz adarretan zintzilik, haizearen edo euriaren mende, bizi dira gehienak, udaberrian bederen, baina gainerako urtaroetan ere bai. Urtaroak ez du gupidarik, eta hostoak hain dira hauskor eta erorkor. Hosto eroriak denbora iragana dela esaten digu; besteak, zuhaitzean dagoenak, denbora hortxe dagoela, eskuraezin eta, era berean, neurtezin, betiko.
Hiru zatitan banatuta dago liburua: “Isiltasuna” deitzen da lehen zatia; “Hitza”, bigarrena; “Zarata”, hirugarrena. Hitz bakoitzak bere esanahiaren katea dakar berarekin. Isiltasuna, batzuentzat, kontzeptu negatiboa da; baina, poesiazale garenontzat, ezinbestekoa zaigu era berean poesia, edo hitza, ulergarriak egin daitezen. Hitza, kontzeptu positiboa da askorentzat, baina hitzak berdin balio du egia esateko, edo gezurra aldarrikatzeko. Badakigu. Zarata munduaren gaitza da gehienontzat baina zaratarik gabe ez genuke jakingo zein den isiltasunaren balioa.