2023
612
978-84-126681-4-8
Esadazue Ismael. Duela urte batzuk —ez du axola zehazki zenbat—, diru gutxi edo batere ez neukalarik sakelan, eta gogo-pizgarri apartekorik ez lehorrean, burutan hartu nuen itsasketan abiatzea ea zertan zen munduaren urezko aldea.
Horretara jotzen dut nik trenpu txarra uxatu eta zirkulazioa oneratze aldera. Noiz eta ikusten baitut neure burua muzinez zaputz; noiz eta azaro umel, lanbrotsu bat baitzait barrentzen ariman; noiz eta kausitzen baitut neure burua oharkabean gelditzera egiten zerraldotegien aurrean, eta segiziora biltzen parean egokitutako hileta orotan; eta bereziki noiz eta halako moduan baita nigan goibeltasuna nagusitzen ezen bultzagarri moral sendo baten beharra izaten baitut, bertan hasiko ez banaiz kalera irten eta jendeari jo eta kapela burutik kentzen banan-banan: orduan, etsia hartzen dut badela garaia ahalbait lasterren itsasoratzeko. Horixe dut nik pistola-bala orde.
Filosofiazko solemnitate nabarmenez, hara han Katonek bere burua ezpataren puntara egotzi; ni, berriz, hor naiz isil-isilik ontziratzen. Ez da deus harrigarririk horretan. Ezjakinean noski, ia gizon guztiek diote beren heinean, noiz edo noiz, enearen antz-antzeko bihotz-txera itsasoari.
Juan Garziak itzuli du Melvilleren klasiko ezaguna. Garziaren ustez, Melville, lehenik eta sakonenik, poeta zen. Poeta, ez alferrik eredu zuen harako beste erraldoi hura bezala —Shakespeare—; poeta, alegia, hitzaren jatorrizko zentzuan bereziki: sortzaile. Sortzaile hitzezko bikain (eledun irudimentsu) eta, biak ala biak, hitz-sortzaile trebe (irudimendun eletsu). Ez, ordea, zentzu horretan bakarrik. Bai Shakespearek antzerkiaren generoan eta bai Melvillek kontakizunarenean, hiztun bizien erregistro guztiak mimetizatzeaz gainera, trebezia miragarriz menderatzen zuten biek ere olerkiaren genero peto-petoko solasmoldea ere.
Hain ere poesiatsua prosa, behar duenean, ezen itzulpenaren errotarri karratutik pasaturik ere eusten baitio poesia bikaina izateari. Borgesek literaturari eskatzen ziona, berriro ere: funtsezko bikaintasun beregaina, onik irteten dena ia edonolako moldakaizkeriatik ere.
Bestetik, formen askotarikotasun zabala ez dagokio prosaren erregistroestiloei bakarrik edo bereziki (baleazale-arrunkeriatik hasi eta solasmolde jaso bitxieneraino). Aski da orrien gainetik arin-arin pasatzea ikusteko nola biltzen diren kontakizun orokorrean (narrazio-deskripziodialogo) literatura-genero guztiak, zein bere erretorika bereziarekin: olerki-kantak, antzerkia, saiakera, txostena, iruzkina…