Poesia

Haragi hosto

Juan Ramon Makuso

2021

74

978-84-123795-0-1

Hilketak ez du sinonimorik.
Hiltzailearen bizitza zulo baten
metafora da, amaiezina.

Galderak ez du geltokirik.

Traktoreak ez du
haurraren amaren hilotza
goldean sartuko; putzu gorri batek

lausotu du gizatasuna,
eta ahots gardena
mikrorik gabe utzi du.

Udazkenari begira jarri da Juan Ramon Makuso poema-liburu honetan. Bizitzaren zikloa du ardatz, zikloaren joan-etorria eta gainbehera: jaio, bizi, hil. Ibilbide horretan unea finkatzeko ahaleginean aritu da bere poemetan. Eskuetan hartu ditu hostoak, eta dadoak bezala jaurti ditu airera, bidean galdutakoa eta irabazitakoa zenbatzeko asmoz. Ohikoa duen tonu poetiko existentzial eta minimalistarekin, bere barne kezken oihartzuna askatzen doa pixkanaka, koordenada zehatz bezain piktorikoetan. Neguaren aurreko urtaroa dugu udazkena, neguaren atarikoa. Paisaia apurka aldatzen doa, hotzerako prestatzen, gero berriz pizteko. Gizakia paisaiatik desagertzen doa, hostoak bezain errari dabil eguneroko gurpilean, oinazetik pozera, begirada isiletik zurrunbilora daraman garrasira, eta alderantziz. Heriotzarantz doa, baina naturaltasunez onartzen du herioren keinu hori.
Hustasun horren aurrean, hala ere, poetak keinu egiten dio baikortasunari eta lagun arteari, kantuz jaisten da bizitzara bizi-minaren ardoaren kantua lagun. Horrela bakarrik zula daiteke sarea.