2024
92
978-84-126681-5-5
OVERBOOKING
Ez dut gogoratzen zehazki noiz izan zen:
agian hogeita lauko uda,
beharbada hogeita bostekoa;
abuztuari lehen hostoa erortzen zaion unean,
jogurten iraungitze datak
errutinak iragartzen hasten direnean.
Beti bezala,
dopamina despresurizatu zitzaigun
zerumuga ezagunak antzeman orduko.
Alabaina,
aurreneko aldiz
sentitu genuen beharra
ez erretako plusbalioaz arrandiatzekoa
ez piromanoaren bozkarioaz gutiziatzekoa
isilgordean
oharkabean
igarotzekoa baizik.
lotsaizunaren diskrezioan
gurutzatu genuen terminala
begirada finko ate birakarian
inork ikus ez gintzan,
inor ez ikusteko prestu.
Jadanik
oparoaren eta lizunaren arteko muga
ez zen galdera ikur bat.
Ulertu genuen
gero eta exotismo dosi txikiagoak
izango zirela onargarri
besteen begietan.
Aje egun bateko milikeria kristaua zen gurea,
jonkiaren kontzientzia txarra.
Zerbait aldatua zen betirako:
jet laga erregai genuen oraindik
eta galgarri dagoeneko.
Zibilizazio honen arrats absurdoa
eskala luze bat zen
zapalduko ez dugun hiriko aireportuan.
Hainbat literatur lehiaketetan sariak jaso eta gero, Iraganaren izterrak poema-liburuarekin eman zuen bere burua ezagutzera letren munduan Gorka Salces portugaletarrak. Lan hark DK Poesia Saria irabazi zuen 2018an. Sei urte geroago dator bigarrena, Airemortuak. Orduko lanaren ertzak finduz eta helduago datorkigu oraingo honetan Salces, giro apokaliptikoz, kritika sozialez, edertasunez eta gurasotasunari eta belaunaldi artekotasunari buruzko hausnarrez beteta maleta. Lau ataletan banatuta dator liburua: Baby blues, Udaminaren logalea, Etziko enbatak eta Overbooking. Badaki egileak intimoa izaten, eta badaki, halaber, belaunaldi baten ahots bihurtzen, gizartean gertatzen denari begiak erne. Pandemiak utziko ondorioak eta isolamenduaren areagotzea ere oso presente daude liburuan, baita albiste-eskaletak eta porrotaren zentzua ere. Gai da zurrunbiloan murgiltzeko eta hartatik landa sosegua bilatzeko ere, uda minaren altzoan, hondartza galdu batean gorputz epelen lurrinean.