2024
104
978-84-126681-8-6
NORBAIT ETORRIKO DA EURITIK
Bat-batean bakarrik nago zerua urdina delako, zuhaitzak berdeak,
kalea lasaia eta zakur bat, ni bezala bakarrik dagoena,
nire aurrean dabilelako.
JEAN GENET
Publizitate kanpainak
diseinatzen dituela
esan dizu norbaitek,
eta imajinatu duzu
Arraguako tren-estazioan,
110. Street-eko geltokian bezala,
kartela jartzen.
Orduan zuk ere aipu eder bat
idatziko zenuke kaligrafia dotorez.
Norbait etorriko da
euritik, euri tanten hotsetik,
petunien murmuriotik.*
Biharamunean, aipuaren jarraipena
ikusi nahiko zenuke idatzirik.
Norbait etorriko da su artifizialen gauean
Toupkhânek auzoko zerutik.
Baina badakizu inork ez lizukeela erantzungo.
Begiak mugikorrean itsatsirik igaroko liratekeelako
kartelaren aurretik, baina batez ere,
poesiarik irakurtzen ez dutelako.
* Forugh Farrokhzad. Inoren antzik ez duen norbait
Leiho bat bihotzean bakarka ateratzen duen bosgarren poema-liburua da, eta, tartean lehiaketarik izan gabe, argitaletxe batekin zuzenean ateratzen duen lehena.
Poema-liburuan zehar irudi eta paisaiekin izandako elkarrizketak, begiradak eta gogoetak dira nagusi, eta alde piktorikoak garrantzi handia hartzen du. Poema bakoitzak zubiak eta adarrak eraikitzen ditu beste hainbat sortzaileren poemekin edo margo-lanekin. Askotariko tradizioak eta kultur adierazpenak biltzen ditu bere baitan liburuak, Hadrianoren oroitzapenetatik Arditurrira garamatza, edota Pikogaratetik Hiroshigeren grabatuetara (ekialdeak eta Japoniak pisu handia dute liburuan). Munduari patxadaz eta sentiberatasunez begiratzeko gonbita egiten digu, bestelako zeruak ukitu ahal izateko.